
2008-06-09 | 17:56:17
Errezil errekan ehunka amuarrain hil dira
Jexux Zelaia eta Jose Luis Zendoia
Ekainaren 5ean, Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Oraingo honetan ordea Errezil errekaren sorburuan egun horretako gertaerak bestelakoak izan ziren. Errekaren zati hau, duela bost urte erre egin zuten eta arrantza egitea debekatuta dago bertan. Ia berreskuratuta zegoen garaian, antzeko beste isurketa bat gertatu da bertan; ostegunean izan zen.
Erreketa sorburutik hasi eta Loidi baserri ingururaino gertatu da, errekaren hiru kilometrotako amuarrain, ezkailu eta abar hil dira ondorioz. Horien artean, alebin ugari eta neurri handiko amuarrainak ere bai (45 zentrimetrokoak edota kilo ingurukoak). Kontuan izanik aurreko egunetan izan ziren euriteak, kaltea izugarria izanik ere ez da beherago iritsi, baina baldintza normaletan gertatu balitz Azpeitiraino ailegatuko zen (ostegun arratsaldean, txizaren usaina Landetan ere antzematen zen).
Bost urte hauetan inguruko baserritar, arrantzale eta basozainen laguntzarekin Errezil errekaren beheko zatian hartutako amuarrainekin birpopulatu da erretako zati hori eta oso emaitza onak izan dira, baina orain alferrik da.
Hondamena Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzak jasotzen dituen kamioi-zisterna batek eragin du. Horiek, baserrietan jasotzen duten abereen txiza dagokion tratamendya jasotzeko, txiza edo minda leku egokietara eraman behar izaten dute. Joan zen hilaren 5ean, hori egin beharrean eta baserritar baten aginduz errekaren ondoan dagoen baso bat ongarritzeko erabili zuten, bertan hustuz inolako neurririk hartu gabe, eta ondorioz errekako ubidera iritsi zen guztia.
Basozainak iritsi zirenerako zer eginik ez zegoen, eta ikerketa ireki ondoren dagokionari salaketa jarriko diote. Bitartean, hori dena ezkutatu nahian, ez da inolako informaziorik agertu hedabideetan.
Azken urteetan, Foru Aldundiak hartu dituen neurri guztiak arrantza babesteko izan dira. Besteak beste: Kupoen jaitsiera, hil gabeko arrantza tarteak, amuarrainen neurria mugatzea (22-35 zentimetro bitartekoak bakarrik jaso daitezke)...
Basozainek bere lana bete ondoren, alor batzuetan horrelako zorrotza den erakunde batek jarritako zigorra nolakoa izan den, bete dela egiaztatu eta interesatuei jakinarazi beharko lieke (inguruko arrantza taldeei, Errezilgo biztanleei eta abarrei).
Hori guztia argitzeaz gainera, zenbait galdera luzatu nahi ditugu:
- Kamioi-zisterna hauek nork kontrolatu behar ditu?
- Zergatik ezkutatu nahi da gertatu dena?
- Zer gertatuko da jarritako isunarekin?
- Nork berreskuratuko du egindako kaltea?
- Hil diren amuarrainguztiek arrantza debekatutako tarte horretan zer balio dute?
- Zer egingo du orain Gipuzkoako Foru Aldundiak arrantza babesteko?
Eskualdearekin zerikusia duen edozein notizia sartu dezakezu hemen.
Edozeinek bidali dezake albistea, eta ondoren, Urola-kostako Hitzako kideren batek kudeatuko du. Hark erabakiko du argitaratu edo ez.
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.