
Orion, A-8 autobidea berritzeko lanetan bonba bat lehertarazi dute
Orio UTE enpresa taldeko sei etxola eta lau auto kaltetu ditu bonbak; Ertzaintzak ETAri leporatu dio atentatua
onintza lete
Joan den astelehen goizaldean bonba bat lehertarazi zuten A-8 autobidean, Orio parean errepidea zabaltzeko egiten ari diren lanetan; Oriotik autobiderako sarrera egiten ari diren inguruan izan zen atentatua, zehazki. Hainbat herritarrek dioenez, astelehen goizaldeko 01:00ak inguruan eztanda bat entzun zuten, baina atzo goizera arte inor ez zen ohartu gertaturikoaz.
Leherketak UTE enpresa taldeko obretako sei etxola eta lau auto kaltetu zituen, eta mementoz erasoa inork bere gain hartu ez badu ere, Eusko Jaurlaritzak nahiz Ertzaintzak ETAri leporatu diote leherketaren ardura. Ertzaintzak adierazi duenez, «ETAk egiten dituen erasoen antzeko ezaugarriak» izan ditu honek ere.
Ertzaintza leherkaria zerez osatuta zegoen ikertzen ari da, baita zenbat leherkari jarri zuten zehazten ere. Eragindako kalteen maila ere zehazteke dago oraindik.
Erasotutako enpresako langileak ez ziren gertatutakoaz atzoko 07:00ak arte ohartu, eta orduan eman zioten Ertzaintzari gertatutakoaren berri. Azken honek ingurua itxi zuen eta hainbat orduz herritarrek ezin izan zuten Txanka-hondartzarko herriko bidea erabili. San Martin bidegurutzeko tunela ere itxita eduki zuten ordu batzuez.
Azken egunotan Goiko Kalera joateko bidea ere itxita dago ibilgailuentzat, errepidea berritzen ari direlako, eta berez bizilagunek Txanka-hondartzako bidetik pasa behar izaten dute hara iritsi ahal izateko. Atzo, ordea, Anibarko Portutik aurrera segi eta San Martingo bidegurutzean Txanka-hondartzako bidea hartu behar izan zuten herriko goiko parte horretara iritsi ahal izateko.
Ez da eraso bakarra izan
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, atzokoa «ez da Gipuzkoako errepide lanetan egiten den aurreneko erasoa». Izan ere, «antzeko gorabeherak» izan dira Urnietako eta Zumaiako sahiesbideetako lanetan eta Eibar eta Vitoria-Gasteiz arteko AP1 errepideko lanetan ere.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano Orion izan zen leherketak eragindako kalteak ikusten. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, UTE enpresa taldea Acciona eta Fonorte enpresek osatzen dute: enpresa hauek Aritzeta eta Orio artean A-8 autobidea zabaltzen ari dira, hirugarren erreia jartzeko; Orioko irteerako lanak ere eurak ari dira egiten. Horretaz gain, bestalde, AHT egiteko lanetan zenbait zati ari dira egiten.
Erreakzio ugari eragin du
Ustez ETAk egindako atentatuaren berri izan eta ordu gutxira iritsi ziren erakundeen nahiz alderdi politikoen erreakzioak.
Eusko Jaurlaritzak, esaterako, ETAri egotzi zion erasoa, eta kaltetutako enpresei bere «elkartasuna» adierazi zien: «Enpresa hauek dira, beste batzuekin batera, euskal gizartearen bizi kalitatea hobetzen laguntzen dutenak, baita aurrerapenari bultzada ematen diotenak ere». Bere ustez, ETAren «ekintza terroristekin, mehatxuekin eta estortsioarekin amaitu behar da lehenbailehen».
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioak eta EAJ, PSE-EE, EA, EB eta PP alderdiek ere ETAri leporatu zioten atentatua, eta guztiek gaitzetsi zuten erasoa.
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.