
Hemeroteka
Orio estilora
Joan den astean jakin dugunez, Orion estilo propioa omen daukagu bisigua prestatzeko, hitz egiteko eta arraunei eragiteko. Oriotarron izaera bera ere, herritar bakoitzarena, berezia omen da, Orio estilora kanpaina diseinatu eta haizatu duten kreatibo burutsu eta soldatapekoen arabera. Ez gara, beraz, aginagarrak, zarauztarrak edo zeraindarrak bezalakoak. Guk estiloa daukagu. Gu la ostia gara.
Herri gorespen giro honetan hartu genuen larunbat eguerdian Pedreñara eta Plentziara eraman gintuen autobusa. Autoei buruzko aldizkariak, mp3ak, egunkariak, bi egunerako arropak eta trainerua hartu, eta Kantauri konkistatzera. Konkista pattala izan da, ordea, aste bukaerakoa, eta txandan azkena ibiltzea zer den gogorarazteko balio izan digu, estiloa erabat galduta.
Asteburuko bi lehiak tankera bertsukoak gertatu zaizkigu: irteera eman eta gutxira branka erakutsi, lehen bueltan onenen parean, 7. minutuan lehenengoari eutsi ezinik eta handik aurrera akabo! Gogorra egiten da irabaztera irten eta erdibidean baino lehenago kontrarioek gero arte esan eta aurrerantz doazela ikustea. Gogorragoa da, baina, arrauna uretan sartu eta taborta ekarri ezinik geratzea, trainerua mantso doala ohartzea. Bigarren luzean aspaldiko lagun baten bisita jasotzea, Gurpilzoro Jaunarena.
Ea azaltzea lortzen dugun. Dena delako arrazoiengatik trainerua mantsoago dabilenean, arrauna uretan pasatzea gehiago kostatzen da; arrauna pasatzea kostatzen bazaio, gehiago nekatzen da arraunlaria, eta gero eta indar gutxiagoz eragiten dio arraunari. Zenbat eta gutxiago tira, orduan eta mantsoago doa trainerua. Atzetik ibiltzea zer den dakienak ongi ezagutzen du gurpil zoro hori. Estropalariengan putzura botatzeko gogo ikaragarria eragiten du eta azkar ez doazen ontzi guztiei gertatzen zaie. Orion, Zumaian, Castron eta Rianxeiran. Horregatik izaten da hain arriskutsua estiloaz-eta hitz egitea, ontzia ez doanean ez baitago ez estilorik, ez izaerarik eta ez hizketako gogorik. Eta kristoren bisigu aurpegia geratzen da ordu luzez.
Gainerakoan, bihar Donostian urteko arraun egun politena izan daiteke. Pronostiko irekia, herri giroa, emakumeen txanda, garai ona, jendea tamainan eta eremu bizi-bizia. Datorren asteburukoa baino hobea, seguru..
Ibon Gaztañazpi. Berria, 08-07-22.
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.