
Kultur Mahaiari erabaki ahalmena eman ala ez eztabaidatu dute
Orio Kultur Mahaia sortzeko lanean jarraitzen dute Udalak eta herriko kultur taldeek; irailaren 8an elkartuko dira berriz
o. lete
Astelehenean bildu ziren bigarrenez Udaleko Kultura Batzordeko ordezkariak eta herriko kultur eragileak. Kultur Mahaia sortzeko ari dira biltzen, eta aurrenekoan bezala, oraingoan ere arrakasta izan zuen bilera deialdiak. Izan ere, 18 kultur eragile elkartu ziren mahaiaren inguruan. Udalaren aldetik, berriz, Kultura Batzordeko kide Noemi Ostolaza, Iñaki Iturain eta Leire Zinkunegi izan ziren bertan, baita Udaleko kultur teknikari Nerea Orbañanos ere.
Udalak adierazi duenez, erabaki ahalmena nork izango zuen eztabaidatzean agertu ziren desadostasunak: «Elkarteetako ordezkari batzuk Kultur Mahaiak erabakitzeko gaitasuna izatea nahi dute». Kultura Batzordearen ustez, berriz, «Mahaiak proposatzeko, aholkatzeko eta gidatzeko izan behar luke»; ondoren, handik ateratako gaiak «Kultura Batzordeak onartu» behar lituzke.
Puntu horri buruz erabakirik ez zuten hartu asteleheneko bileran, baina lanarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute guztiek eta irailaren 8an, 19:00etan, egingo dute hurrengo bilera udaletxean. Bitartean Mahaiari buruz hausnartuko dute, proposamenak eta iritziak trukatzen jarraitzeko.
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.