Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Orio
2008ko urriak 11, Larunbata

;2008-07-06;'Sportmusikfesta' bertan behera, ´euriak kalteak eragin dituelako». Aisia Atzo eguerdirako moila berriko zabalgunean zeuden azpiegiturak kentzen hasi ziren antolakuntzako teknikariak

'Sportmusikfesta' bertan behera, «euriak kalteak eragin dituelako»

Aisia Atzo eguerdirako moila berriko zabalgunean zeuden azpiegiturak kentzen hasi ziren antolakuntzako teknikariak

xabi aizpurua ugarte

Lurra bustita, kafetegiko mahai guztiak hutsik, harmailak jenderik gabe, pantaila erraldoia itzalita, agertokiko fokoak jaitsita... Atzo eguerdian ez zegoen festa giro handirik Orioko moila berriko zabalgunean, izan ere, Orion! Sportmusikfesta ekimena bertan behera utzi behar izan zuten «euriak azpiegituretan kalteak eragin» zituelako. Goizeko lehen orduetatik antolakuntzako kideek bilerak egiten jardun zuten, aseguru etxeekin harremanetan jarrita, asteburuko jarduna erabat baldintzatuko zuen erabakia hartu ahal izateko. Atzoko eta gaurko ekitaldiak martxan ez jartzea erabaki zuten azkenean.

«Arrisku» teknikoak

Orioko alkate Jon Redondok zehaztu zuenez, goizean teknikariak moilako zabalgunera joan zirenean «nahikoa egoera kaskarrean» aurkitu zituzten azpiegiturak: argindarra sortzeko bi makinetara ura sartu zen eta ez zuten funtzionatzen, skate pista ez zegoen baldintza egokietan, motoekin erakustaldiak egiteko tokia ere «egoera arriskutsuan» zegoen... Eta horrez gain, «elektrizitate aldetik hainbeste tentsio zegoenez, euria hasiz gero zerbait gertatzeko arrisku teknikoa ere bazegoen», gaineratu zuen atzo Redondok.

Dena den, Orioko alkatearen hitzetan, «Orion! ekimenaren formatua oso ona da, adin guztietarako egokia delako. Berriz berreskuratu beharko da». Dagoeneko ari dira proiektu berriak pentsatzen: «Abuztuan edo irailean izan daitezke, baina oraindik ez dago ezertxo ere lotuta».

Babarrunak, aterpean

OKK Gazte Asanbladak «jai alternatiboa» egin zuen atzo Udalak Orion! ekimena martxan jarri izana salatu nahian. Hasiera batean, herriko plazan egin behar zuten babarrun jana, baina Balea elkartean egin zuten azkenean, aterpean. Lagun arteko giroan 30 gazte elkartu ziren mahaiaren bueltan. Udalak moila berriko jaialdia «herriak eskatu gabe» antolatu duela irizten dio OKK taldeak.

Ostiralean, arazorik gabe

Orion! ekimena ostiral arratsaldean abiatu zen eta oro har ez zen arazorik sortu. Hasieran, haurrak eta gurasoak izan ziren nagusi. Moto erakustaldiaren txanda etorri zen gero, eta azkenik, gaueko kontzertuek eta dj festarekin amaitu zuten ostiraleko jardunaldia.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.