
«Jai alternatiboa» egingo du bihar gazte batzordeak
Orio Modu horretan, Udalak 'Orion! Sport Musik Festa' «herriak eskatu gabe» antolatu duela salatu nahi du OKK-k
onintza lete
Gaurtik hasi eta igandera bitartean moila berrian egingo den Orion! Sport Musik Festa izeneko kirol, musika eta aisialdi jaialdia ez da herritar guztien gustukoa. Hori dela eta, «jai alternatiboa» prestatu du OKK Gazte Asanbladak biharko; beste zenbait ekitaldiren artean, bazkaltzeko babarrun jana egingo dute plazan; 14:30etik aurrera izango da hori.
Udalak Orion! Sport Musik Festa aurkeztu zuenetik, herriko zenbait eragile ekimen horren aurka agertu dira, «herriak eskatu gabe» egindako zerbait delako: «Herriko eragileak urte osoan aritzen gara ekimenak lantzen eta plazaratzen, eta gero Udalak honelako jaialdia antolatzen du, herriak halakorik eskatu gabe».
Iritzi horrekin bat egiten dute, adibidez, Orioko Udaleko ezker abertzaleren taldeak eta OKK Gazte Asanbladak. Horregatik, biharko «jai alternatiboa» antolatu nahi izan du gazte batzordeak, «beste hainbat kultur eragileren babesarekin».
Gehiago ere bai, «agian»
Eguerdi partean poteoan ibiliko dira herriko kaleetan zehar, eta ondoren plazan babarrun jana egingo dute. Udalaren erabaki hau «salatzeko», gainera, bi ekimen hauetaz gain besteren bat egitea aztertzen ari da OKK. Hala, bihar gauean herritik beste leku batzuetara irteteko autobusen bat antolatzeko asmoa erakutsi dute azken asteetan, eta oraindik erabakirik hartu ez badute ere, bazkarian herritar askok parte hartzen badu halako zerbait antolatu dezakete.
############
17:00etan zabalduko ditu ateak 'Orion Sport Musik Festa' jaialdiak
Aisia Autoak Ubegun industrialdean eta Antillako hondartza aurrean uzteko aparkalekuak izango dira
o. lete
17:00etan zabalduko ditu gaur ateak Orion Sport Musik Festak, eta igande gauera arte iraungo du Orioko Udalak eta Get In, Promueve eta Arista enpresek moila berrian antolatu duten jaialdi honek. «Muturreko kirola, musika eta familia osoarentzako aisialdia» eskainiko dituzte bertan.
Aparkaleku bereziak
Jaialdira milaka lagun etortzea espero dute eta, horregatik, autoak uzteko aparkaleku bereziak antolatu ditu Udalak Ubegun industrialdean eta Antillako hondartzan. Handik txalupa bidez edo tren txu-txu-an iritsi ahalko da festa eremura; zerbitzu hau doakoa izango dela jakinarazi dute.
Azken orduko aldaketa
33.000 metro koadroko eremuan hiru egunetan zehar hainbat kirol eskaintza izango da wakeboard, wakesurf, skate eta moto freestyle modalitateetan. Haurrek, berriz, Txan Magoa eta Betizuren ikuskizunak izango dituzte, eta aisialdirako zenbait eremu ere izango ditu jaialdiak.
Musikari dagokionez, Zarauzko Delorean eta Espainiako La Sonrisa de Julia taldeen kontzertuak izango dira. Berez azken honen ordez No Way Out taldeak etorri behar zuen, baina azken orduan aldaketa hori egon dela jakinarazi dute antolatzaileek.
############
Zinema
'Che. El argentino'
AZKOITIA, Baztartxo - 2008-10-11
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.