
2008-06-17 | 14:28:07
Ustez "ETAri laguntzeagatik" espetxeratu zituen Garzonek pasa den astean, eta haien aitak prentsaurrekoa eman du gaur eguerdian bere alaben alde
Andres Bruņo, Maribel eta Blanca Bruņoren aitak, prentsaurrekoa eman du gaur eguerdian Orioko udaletxean, alaba baten eta enpresako abokatuaren babesarekin. "ETAri laguntzea" egotzita baldintzarik gabe espetxeratu zituen joan den astean Garzon epaileak, ustez "ETAri 'iraultza zerga' beren borondatez ordaintzeagatik". Bruņok bere alabak errugabeak direla adierazi du, eta nabarmendu nahi izan du "Blanca eta Maribel lehenengo eta behin estortsio saio baten biktima direla eta bigarrenik, justiziarenak".
2008-06-13 | 14:44:03
Ikastolaren eraikin berriaren lehen harria jarri dute goizean
Ikastola osoa atera da lehen harria jartzera; ekainaren 25ean eraikin berria eraikitzen hastea espero dute
Ikasturte amaierako poza bikoiztu egin da gaur goizean; Ikastolaren eraikin berriaren aurreneko harria jarri dute Munto eremuan izango duten lursailean, eta bertan egon dira Ikastolako haur eta irakasle guztiak. Guraso asko bertaratu dira, eta Udaleko ezker abertzaleko zinegotzi Leire Zinkunegi eta Joseba Goiburu hautetsiak ere bertan izan dira; Zarauzko Oteitza institutuko ordezkariek ere ez dute ekitaldia galdu nahi izan. Dantzari batek egindako aurreskuarekin hasi da ekitaldia, eta ondoren maila bakoitzeko bina ikaslek eurentzat garrantzitsua den zerbait sartu dute lehen harri horretan. Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek adierazi duenez, ekainaren 25ean eraikitzen hastea espero dute, eta 2009ko irailerako eraikina prest egotea posible izan daitekeela gaineratu du.
2008-06-12 | 15:30:10
Garzonek Bruņo ahizpak espetxeratzeko agindua eman du
Fiskaltzak baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu dio epaileari gaur goizean
Herenegun Orion Guardia Zibilak atxilotutako Maribel eta Blanca Bruņo enpresaburuak espetxeratzeko agindua eman du Audientzia Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak, Bruņo ahizpek "ETAri lagundu izana" egotzita. Maiatzean Frantziako poliziak ustezko ETAko kide bati atzemandako paper batzuetan oinarritu du bere erabakia epaileak. Bere esanetan, paper horietan "Bruņo ahizpek "ETAri emandako laguntza ekonomikoa eskertzen zuen ETAk". Garzonek adierazi duenez, horrek erakusten du enpresaburu hauek "beren borondatez ordaindu ziotela ETAri 'iraultza zerga'". 20:00etan elkarretaratzea egingo da plazan.
2008-06-12 | 13:49:44
'ORION! Sport Musik Festa' antolatu du Udalak uztailaren 4tik 6ra
Hainbat kirol modalitate, kontzertuak, jatetxe eta tabernak eta '40 Principales'-en festa egongo dira bertan, besteak beste
Eguerdian aurkeztu dute Donostian 'ORION! Sport Musik Festa'. Bertan izan da Orioko alkate Jon Redondo eta festa antolatzeaz arduratu diren Promueve enpresako kudeatzaile Jon Idiakez eta Get In enpresako kudeatzaile Jabier Ramon. Hirurek eman dute hiru egunetako festaren berri. Familia osoarentzako jarduerak antolatu dituztela azpimarratu dute, eta Redondok ekimen berriztailetzat jo du festa hau. Izar nagusia Nazioarteko WakeBoard Open-a izango dela adierazi dute, baina WakeSurf, Freestyle moto eta Skate erakusketak ere izango dira. Musikari dagokionez, Delorean eta No Way Out taldeak, DJak...etorriko dira eta haur parkea, jatetxe eta tabernen eremua eta erlajatzeko chill-out gunea izango ditu, besteak beste.
2008-06-12 | 12:47:16
Gaur ere elkarretaratzea deitu du Udaleko ezker abertzalearen taldeak
Guardia Zibilak herenegun gauean atxilotutako Bruņo ahizpak aske gelditu ala ez, elkarretaratzea izango da 20:00etan
Herenegun gauean Guardia Zibilak Orion atxilotutako Maribel eta Blanca Bruņo enpresaburuek gaur deklaratuko dute Espainiako Audientzia Nazionalean, Garzon epailearen aurrean. "ETAri 'iraultza zerga' beren borondatez ordaintzea" egotzi die Garzonek Bruņo ahizpei. Udaleko ezker abertzaleak taldeak deituta, 100 lagun inguru bildu zen atzo iluntzeko elkarretaratzean, "Errepresiorik ez, Maribel eta Blanca askatu" lelopean, eta gaur ere elkarretaratzea egitea erabaki dute. Ahizpak libre gelditu ala ez, deialdiari eutsi egingo diotela adierazi dute antolatzaileek. 20:00etan elkartuko dira plazan.
2008-06-11 | 10:40:24
Bihar deklaratuko dute Garzonen aurrean Bruņo ahizpek
Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruņo Azpiroz ahizpak Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu dituzte, ustez "ETAri 'zerga iraultza' beren borondatez ordaintzeagatik"
Atzo gauean Guardia Zibilak Orion bizi diren Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruņo Azpiroz ahizpak atxilotu zituen herrian bertan. Aginagan eta Usurbilen marisko eta kontserba enpresak dituzte, eta bertara eraman dituzte goizaldera, enpresak miatzeko. 02:00ak aldera Aginagan dituzten bulegoetara eraman dituzte, eta handik Usurbilgo Zumartegi industrialdean duten haztegira. Azken miaketa hau goizaldeko 05:30ak aldera egin dute. Gero Madrilera (Espainia) eraman dituztela adierazi du enpresako kide batek. Espainiako Audientzia Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz atxilotu dituzte, "ETAri 'iraultza zerga' beren borondatez ordaintzea" egotzita. Iturri polizialen arabera, Frantziako Poliziak duela gutxi Bordelen (Frantzia) atxilotutako Francisco Javier Lopez Peņa ustezko ETAko buruzagiari aurkitutako agirien bidez izan dute bi enpresaburu horien berri.
2008-06-02 | 13:02:11
Ikastolako Olaxka kantu taldeak 10 abestiz osatutako maketa kaleratu du
Igandean aurkeztuko dute Ikastolako jaialdian eta hainbat lekutan egongo da salgai 7 eurotan
Orioko Herri Ikastolako Olaxka kantu taldeak 10 abestiz osatutako maketa bat kaleratu berri du. Duela hiru urte sortu zen kantagintza, euskal kultura eta herri abestiak lantzeko helburuarekin. Esku-soinu jotzaile batek eta zortzi abeslarik osatzen dute taldea, eta 7 eurotan jarri dute salgai maketa Ikastolako idazkaritzan, Harkaitz eta Salatxo tabernetan eta Il Gelatto kafetegian. Igandean egingo dute maketaren aurkezpena Ikastolaren jaialdiaren baitan.
2008-05-26 | 11:37:12
Auzipetutako OKKko sei gazteak absolbitu egin ditu epaileak
Erasorik izan zenik ezin dela frogatu argudiatu du epaileak
Pasa den astean Donostiako Lurralde Epaitegiko epaileak absolbitu egin zituen OKKko sei gazte. Ustez bi udaltzain erasotzeagatik akusatuta zeuden, baina epaileak adierazi duenez, ez dago frogatzerik erasoa egon zen ala ez, eta horregatik absolbitu egin ditu. Martxoaren 4an udalbatzar baten ondoren udaltzainekin egondako ustezko istiluengatik akusatu zituzten OKKko zazpi gazte, horietako bat adingabea.
Erakusketa
Ikusi Arte 2008
ZARAUTZ, Murkil elkarteko dendetan - 2008-07-01
Erakusketa
Iņigo Manterolaren margolanak
ZARAUTZ, Kaia galeria - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.