
2008-07-17 | 11:22:54
Bihar 14:00etatik hasi eta igandeko 21:00ak arte herriko plaza itxita egongo da ibilgailuentzat
Herrira Kaia kaletik sartu beharko da, eta irten, berriz, Txanka-hondartza bidetik
Bihar hasiko den Bisiguaren Festak herriko trafikoan aldaketak eragingo ditu. Bihar arratsaldeko 14:00etatik igande gaueko 21:00ak bitartean iraungo du aldaketak. Denbora horretan guztian herriko plaza itxita izango da ibilgailuentzat, eta ondorioz, herrira Kaia kaletik sartu beharko dute ibilgailuek; herritik irteteko, berriz, Txanka-hondartza bidea erabili beharko da. Udalak kolaboratzeko eta arauak betetzeko eskatu die herritarrei, eta aldez aurretik eskerrak eman dizkie.
2008-07-07 | 18:47:34
18:15ean atera dira Alcala Meco (Madril, Espainia) espetxetik, eta une honetan etxera bidean dira
Gaur arratsaldean, 18:15ean, atera dira espetxetik Maribel eta Blanca Bruño enpresaburuak, 20.000 eurotako berme bana ordaindu ondoren. Ustez ETAri «iraultza zerga euren borondatez ordaintzeagatik» sartu zituen espetxean duela bost aste Espainiako Audientzia Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek. Alcala Meco (Madril, Espainia) espetxean egon dira orain arte. Une honetan etxera bidean dira eta gaua gurasoen etxean pasatzeko asmoa dute, Usurbilgo Aginaga auzoan.
2008-07-05 | 10:51:55
'Orion! Sportmusikfesta', euriagatik bertan behera
Atzo jende ugari joan zen, baina gaur eguraldiak ez du lagundu
Hiru egunetan 15.000 lagun biltzea espero zuten 'Orion! Sportmusikfesta' antolatu dutenek, baina ekimena bertan behera gelditu da. Euria eta eguraldi txarra izan dira arrazoi nagusiak aurrera ez jarraitzeko eta astebururako aurreikusita zeuden ekitaldiak ez dituzte egingo. Ez dago atzerabueltarik, antolakuntzak hartu du erabakia eta ohar baten bidez jakinarazi dute. "Euriak azpiegituretan eragin dituen kalteak direla-eta" hartu dute erabakia, antolatzaileen arabera.
2008-07-04 | 16:53:42
Bruño ahizpei 20.000 euroko bermea jarri die Audientzia Nazionalak espetxetik irten ahal izateko
ETAri 'iraultza zerga' "beraien borondatez" ordaindu izana egozten die epaileak
Ekainaren 11n Maribel eta Blanca Bruño atxilotu zituzten Orion, ETAri 'iraultza zerga' "beraien borondatez" ordaintzea egotzita. Gaur goizean, Espainiako Audientzia Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak 20.000 euroko bermea jarri die Bruño ahizpei, eta hori ordaintzen baldin badute irtengo dute espetxetik. Espainiako Estatuaren mugetatik irtetea debekatu die bi ahizpei eta epaitegira joan beharko dute astero. Ikerketa "oso aurreratuta" dagoela eta neurriek "ikerketa prozesua dagoen egoerara egokitu behar" dutela adierazi dute epaitegiko iturriek.
2008-07-03 | 14:09:17
Josefina Azkueren eta Maria Luisa Salegiren balkoiak sarituko ditu Udalak
Ingurumen eta Turismo Batzordeak laugarrenez antolatu du Orio Loretan saria; datorren astean egingo dute ekitaldi ofiziala
Eusko Gudari kaleko 14. eta 19. atarietako bigarren pisuetako balkoiak dira herriko ederrenak, Udalaren iritzian; bai behintzat lehiaketan parte hartu duten 19 herritarren balkoien artean. Lehenengo sariak, hortaz, Josefina Azkue Azpiroz eta Maria Luisa Salegirentzat izan dira. Bigarren sariak Maria Jesus Lizasok eta Begoña Zalduak eskuratu dituzte, eta hirugarrenak, azkenik, Ignacia Esnalek eta Maite Orbañanosek. Guztiek "gustu ona dute eta lan txukuna egin dute". Datorren astean emango ditu sariak Udalak, baina egun zehatzik ez du jakinarazi oraindik.
2008-07-02 | 19:12:20
Kultur eragileen batzordea sortzea adostu dute Kultura Batzordeak eta herriko eragileek
Herriko hainbat eragilek Udalari egindako zenbait eskaeretako bat zen hori; atzo iluntzeko bileran adostu zuten bi aldeek batzorde berria sortzea
Udaleko Kultura batzordeburu Noemi Ostolazak nahiz herriko hainbat eragiletako ordezkariek "positibotzat" jo dute atzo izandako bilera. Bertan kultur eragileen batzorde bat sortzea adostu zuten bi aldeek. Eragileek hainbat eskaera egin zizkioten Udalari: Kultur eragileen batzorde bat sortzea eta «erabakitzeko eskumena» izatea; eragileek kulturako «aurrekontuetan parte hartu ahal izatea»; eragileek formato ezberdinetan zabaltzen duten kaleko informzaioa «ez kentzea» Udalak; antolatzen diren ekimenetan «erraztasunak ematea»; gaztetxe bat martxan jarri bitartean ekitaldiak egiteko «leku egoki bat bermatze»a; Kosta tailerreko egoera «hobetzea» eta Kultur Etxeko erabileran «malgutasuna» egotea. Eragileen esanetan, Udalak oraindik ez die erantzunik eman eskakizun hauei eta horregatik "harrituta" agertu ziren. Dena dela, atzokoa "lehen pausua" dela eta "egiteko lan asko" dagoela azpimarratu dute guztiek.
2008-06-28 | 18:31:26
'Hiru lasterketa' kirol proban herritarrak garaile
Heldu! herri kirol taldeko kideei irabazi die 12 herritarreko taldeak
Gaur eguerdian 'Hiru lasterketa' kirol proba egin dute sanpedro jaien barruan, eta ikusmin handia eragin du herritarren artean. Heldu! herri kirol taldeko hiru kideek herritarren aurka lehiatu nahi zuten ergometroan, igerian eta korrika, eta azkenean herritarrak izan dira garaile. Aurrena ergometroko proba egin dute; lau herritarrek 20 metroko aldea atera diote Josu Larrarte aiarrari. Gero Eneko Larrañaga igerilaria neurtu da beste lau herritarren aurka, eta honek ere ez du irabaztea lortu. Azkenik, Hossain Kaanache korrikalariaren aurka aritu dira lasterka beste lau herritar. Guztira 30 segundoko aldea atera diote herritarrek kirolariei. Hala ere, giro onean amaitu dute proba, korrikako proban Kaanacheri itxoin diolako korrika egin zuen azken herritarrak, helmugan biak batera sar zitezen.
2008-06-25 | 17:19:52
2008ko aurrekontua 568.773 euroan handitu du Udalbatzak
Atzo egindako udalbatzarrean Bruño ahizpak "berehala askatzeko" eskatu zuen Udalak; gainera, Ikastolaren eraikin berria eraikitzen hastea ahalbideratu zuen Udalbatzak
Udalbatzar jendetsua egin zen atzo Orion. Hainbat gai garrantzitsu bozkatu zituen Udalbatzak: besteak beste aurtengo aurrekontua 568.773 euroan handitzea, Muntoko plan partzialari buruzko bi puntu eta Bruño ahizpak babesteko mozio bat. Hiru puntu nagusi hauek onartu zituzten. Ondorioz, ustez "ETAri laguntzeagatik" espetxeratuta dauden Bruño ahizpak "berehala askatzeko" eskatu zuen Udalbatzak. Muntoren inguruko puntuen artean kontzertazio hitzarmena onartu zutenez, Orioko Herri Ikastolak eraikin berria eraikitzen hasteko aukera du, hitzarmeneko klausula batek hala adierazten duelako. Bestalde, iazko aurrekontuan likidatu ez ziren partidetatik 568.773 euro aurtengo aurrekontura pasatzea erabaki zuen Udalbatzak.
Idi probak
San Andres Saria
AZKOITIA, Gurea Udal Pilotalekuko probalekuan - 2008-12-02
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.