
2008-07-02 | 19:12:20
Kultur eragileen batzordea sortzea adostu dute Kultura Batzordeak eta herriko eragileek
Herriko hainbat eragilek Udalari egindako zenbait eskaeretako bat zen hori; atzo iluntzeko bileran adostu zuten bi aldeek batzorde berria sortzea
Udaleko Kultura batzordeburu Noemi Ostolazak nahiz herriko hainbat eragiletako ordezkariek "positibotzat" jo dute atzo izandako bilera. Bertan kultur eragileen batzorde bat sortzea adostu zuten bi aldeek. Eragileek hainbat eskaera egin zizkioten Udalari: Kultur eragileen batzorde bat sortzea eta «erabakitzeko eskumena» izatea; eragileek kulturako «aurrekontuetan parte hartu ahal izatea»; eragileek formato ezberdinetan zabaltzen duten kaleko informzaioa «ez kentzea» Udalak; antolatzen diren ekimenetan «erraztasunak ematea»; gaztetxe bat martxan jarri bitartean ekitaldiak egiteko «leku egoki bat bermatze»a; Kosta tailerreko egoera «hobetzea» eta Kultur Etxeko erabileran «malgutasuna» egotea. Eragileen esanetan, Udalak oraindik ez die erantzunik eman eskakizun hauei eta horregatik "harrituta" agertu ziren. Dena dela, atzokoa "lehen pausua" dela eta "egiteko lan asko" dagoela azpimarratu dute guztiek.
2008-06-28 | 18:31:26
'Hiru lasterketa' kirol proban herritarrak garaile
Heldu! herri kirol taldeko kideei irabazi die 12 herritarreko taldeak
Gaur eguerdian 'Hiru lasterketa' kirol proba egin dute sanpedro jaien barruan, eta ikusmin handia eragin du herritarren artean. Heldu! herri kirol taldeko hiru kideek herritarren aurka lehiatu nahi zuten ergometroan, igerian eta korrika, eta azkenean herritarrak izan dira garaile. Aurrena ergometroko proba egin dute; lau herritarrek 20 metroko aldea atera diote Josu Larrarte aiarrari. Gero Eneko Larrañaga igerilaria neurtu da beste lau herritarren aurka, eta honek ere ez du irabaztea lortu. Azkenik, Hossain Kaanache korrikalariaren aurka aritu dira lasterka beste lau herritar. Guztira 30 segundoko aldea atera diote herritarrek kirolariei. Hala ere, giro onean amaitu dute proba, korrikako proban Kaanacheri itxoin diolako korrika egin zuen azken herritarrak, helmugan biak batera sar zitezen.
2008-06-25 | 17:19:52
2008ko aurrekontua 568.773 euroan handitu du Udalbatzak
Atzo egindako udalbatzarrean Bruño ahizpak "berehala askatzeko" eskatu zuen Udalak; gainera, Ikastolaren eraikin berria eraikitzen hastea ahalbideratu zuen Udalbatzak
Udalbatzar jendetsua egin zen atzo Orion. Hainbat gai garrantzitsu bozkatu zituen Udalbatzak: besteak beste aurtengo aurrekontua 568.773 euroan handitzea, Muntoko plan partzialari buruzko bi puntu eta Bruño ahizpak babesteko mozio bat. Hiru puntu nagusi hauek onartu zituzten. Ondorioz, ustez "ETAri laguntzeagatik" espetxeratuta dauden Bruño ahizpak "berehala askatzeko" eskatu zuen Udalbatzak. Muntoren inguruko puntuen artean kontzertazio hitzarmena onartu zutenez, Orioko Herri Ikastolak eraikin berria eraikitzen hasteko aukera du, hitzarmeneko klausula batek hala adierazten duelako. Bestalde, iazko aurrekontuan likidatu ez ziren partidetatik 568.773 euro aurtengo aurrekontura pasatzea erabaki zuen Udalbatzak.
2008-06-24 | 17:05:14
Bruño enpresaburuen egoera argitzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak
Garzon epaileari egin dio eskaera Miren Azkaratek, espetxe zigorra «ez dagoelako behar adina arrazoituta»
Eusko Jaurlaritzak Marisa eta Blanca Bruño enpresaburuen egoera argitzeko eskatu dio Audientzia Nazionaleko Garzon epaileari. Orioko bi ahizpa hauek baldintzarik gabe espetxeratuta daude duela bi astetik, ustez «ETAri iraultza zerga euren borondatez ordaintzeagatik».
2008-06-20 | 12:25:52
Plazan bazkariak eta afariak egingo dituzte; Katxiña, Xixario eta Joxe Mari jatetxeetako kideek eta Oriogi okindegikoek hartu dute parte ekimenean
Atzo goizean aurkeztu zuten uztailaren 18, 19 eta 20an egingo den 'Bisiguaren Festa'. Orioko Udaleko Kultura batzordeburu Noemi Ostolazak aurkeztu zuen ekimena, eta berarekin izan ziren Orioko Kutxako zuzendari Amaia Biain, Oriogi okindegiko Jexux Alkorta, Katxiña jatetxeko Joxe Migel Zendoia eta Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga. Hiru egun horietan bisigua protagonista izango den bazkari eta afariak egingo dituzte plazan, eta 40 euroko menuak dastatu ahal izango dituzte parte-hartzaileek. Horretaz gain, uztailaren 19an, larunbata, Orioko elkarte gastronomikoetako hainbat sukaldarik marmitako erraldoia egingo dute eta razio bakoitza euroan banatuko dute. Uztailaren 20an, igandean, berriz, Eusko Labeleko sukaldari batek hegaluzea erreko du parrillan eta razio bakoitza euroan erosi ahalko da. Gainera, asteburu osoan Euskal Herriko produktuen postuak egongo dira.
2008-06-17 | 14:28:07
Ustez "ETAri laguntzeagatik" espetxeratu zituen Garzonek pasa den astean, eta haien aitak prentsaurrekoa eman du gaur eguerdian bere alaben alde
Andres Bruño, Maribel eta Blanca Bruñoren aitak, prentsaurrekoa eman du gaur eguerdian Orioko udaletxean, alaba baten eta enpresako abokatuaren babesarekin. "ETAri laguntzea" egotzita baldintzarik gabe espetxeratu zituen joan den astean Garzon epaileak, ustez "ETAri 'iraultza zerga' beren borondatez ordaintzeagatik". Bruñok bere alabak errugabeak direla adierazi du, eta nabarmendu nahi izan du "Blanca eta Maribel lehenengo eta behin estortsio saio baten biktima direla eta bigarrenik, justiziarenak".
2008-06-13 | 14:44:03
Ikastolaren eraikin berriaren lehen harria jarri dute goizean
Ikastola osoa atera da lehen harria jartzera; ekainaren 25ean eraikin berria eraikitzen hastea espero dute
Ikasturte amaierako poza bikoiztu egin da gaur goizean; Ikastolaren eraikin berriaren aurreneko harria jarri dute Munto eremuan izango duten lursailean, eta bertan egon dira Ikastolako haur eta irakasle guztiak. Guraso asko bertaratu dira, eta Udaleko ezker abertzaleko zinegotzi Leire Zinkunegi eta Joseba Goiburu hautetsiak ere bertan izan dira; Zarauzko Oteitza institutuko ordezkariek ere ez dute ekitaldia galdu nahi izan. Dantzari batek egindako aurreskuarekin hasi da ekitaldia, eta ondoren maila bakoitzeko bina ikaslek eurentzat garrantzitsua den zerbait sartu dute lehen harri horretan. Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek adierazi duenez, ekainaren 25ean eraikitzen hastea espero dute, eta 2009ko irailerako eraikina prest egotea posible izan daitekeela gaineratu du.
2008-06-12 | 15:30:10
Garzonek Bruño ahizpak espetxeratzeko agindua eman du
Fiskaltzak baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu dio epaileari gaur goizean
Herenegun Orion Guardia Zibilak atxilotutako Maribel eta Blanca Bruño enpresaburuak espetxeratzeko agindua eman du Audientzia Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak, Bruño ahizpek "ETAri lagundu izana" egotzita. Maiatzean Frantziako poliziak ustezko ETAko kide bati atzemandako paper batzuetan oinarritu du bere erabakia epaileak. Bere esanetan, paper horietan "Bruño ahizpek "ETAri emandako laguntza ekonomikoa eskertzen zuen ETAk". Garzonek adierazi duenez, horrek erakusten du enpresaburu hauek "beren borondatez ordaindu ziotela ETAri 'iraultza zerga'". 20:00etan elkarretaratzea egingo da plazan.
Zinema
'Las chicas de la lenceria' filma
AZPEITIA, Betharrametan - 2008-10-11
Erakusketa
Idoia Lertxundiren margolanak
ZARAUTZ, Torre Luzea - 2008-10-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.