
2009-06-27 | 18:09:54
Baldintzarik gabe espetxeratu egin dute asteartean atxilotutako Patxi Uranga
5 egunez inkomunikatuta egon ondoren, gaur eguerdian deklaratu du Espainiako Audientzia Nazionalean
Espainiako Poliziaren esku bost egun inkomunikatuta egon ondoren, gaur eguerdian Espainiako Audientzia Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aurrean deklaratu du Patxi Uranga oriotarrak. Epaileak baldintzarik gabe espetxera bidaltzea erabaki du, «ETAko kide izatea eta lehergailuak edukitzea» egotzita. Asteartean atxilotu zuten Uranga Usurbilen. Operazio berean, Olatz Lasagabaster eta Ainara Vazquez ere atxilotu zituzten. Lasagabasterri gauza bera leporatzen dio Garzonek, eta Vazquezi, berriz, «ETAko kide edo kolaboratzailea» izatea. Uranga ez ezik, azken bi hauk ere espetxeratzeko agindua eman du operazioa zuzendu duen epaileak.
2009-06-24 | 13:33:33
Patxi Urangak oraindik inkomunikatuta jarraitzen du
Atzo atxilotu zituen Espainiako Poliziak, "badaezpadako operazioan", ETAko talde bat osatzen dutelakoan. Espainiako Estatuko Segurtasun idazkariak dio oraindik atentaturik ez zuela egin taldeak.
Patxi Urangak atxilotuta segitzen du Espainiako Poliziaren esku, eta oraindik ere inkomunikatuta dago; egoera berean daude berekin atxilotu zituzten Olatz Lasagabaster eta Ainara Vazquez ere. Poliziak atzo goizean atzeman zituen, ETAko talde bat osatzen dutelakoan; Uranga eta Lasagabaster bikotea Usurbilen atxilotu zituzten eta Vazquez Astigarragan. Poliziaren arabera, 75 kilo lehergai zeuzkaten. "Badaezpadako operazioa" izan dela azaldu zuen Antonio Camacho Espainiako Estatuko Segurtasun idazkariak. Atxilotuek atentaturik ez dutela egin esan zuen, baina horretarako prest zeudela. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzendu zuen operazioa.
2009-06-23 | 10:51:39
Patxi Uranga oriotarra atxilotu dute ETAko kide izatea leporatuta
Gaur goizean atxilotu dute bere bikotekide Olatz Lasagabasterrekin batera
Espainiako Poliziak hiru lagun atxilotu ditu gaur goizean ETArekin zerikusia dutelakoan eta horietako bat Patxi Uranga oriotarra da. Uranga bere bikotekide Olatz Lasagabasterrekin batera atxilotu dute. Ualde pabilioiko etxebizitza batean atzeman dituzte Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster; zenbait berri agentziek jakinarazi dutenez euren etxean 75 kilo lehergai atzeman ditu Poliziak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak zuzendu du operazioa eta epailea bera atxiloketen tokietan izan da.
2009-06-04 | 10:55:47
Gazte bat itota hil da Orioko itsasadarrean
Hiru ordu inguruko erreskate lanen ondoren, 22:00etan atera zuten gorpua ur azpitik
Atzo iluntzean 18 urteko mutil gazte bat hil zen Orioko itsasadarrean, ibaia zeharkatzen ari zela itota. Zarautz aldera dagoen moilatik abiatu zen Antilla hondartzarako norabidean, eta ibaiaren erdialdean zihoala ur azpian desagertu zen. Gertatzen ari zena ikustean, moilan zegoen lagun taldeko beste kide batek egin zuen salto uretara, laguntzeko asmoz, baina azkenean ezin izan zuen ezer egin. Ertzaintza eta Gurutze Gorriko larrialdi zerbitzuek erreskate lanetan jardun zuten ondorengo orduetan, eta 22:00etan atera zuten gorpua ur azpitik. Emandako datuen arabera, ur azpian, bost metroko sakoneran zegoen gorpua.
2009-05-28 | 18:01:32
Orioko Sofbol Taldeak Eguzki enpresarekin 3 urterako hitzarmena sinatu du
Eguzki enpresak 5.000 euroko diru laguntza emango dio urtean Orioko Bate Bizkorrak Sofbol Taldeari
Gaur goizean Orioko Bate Bizkorrak Sofbol Taldeak eta Eguzki Eraikuntza enpresak hiru urterako hitzarmena sinatu duten udaletxeko areto nagusian. Urtean 5.000 euroko diru laguntza jasoko du kirol taldeak; bertako ordezkari Elena Etxeberriak aurkezpenean azaldu duenez, «Espainiako Ohorezko mailan jokatzen duen taldeari laguntzeaz gain, jokalari gazteekin egiten ari garen lana babesteko ere baliagarria izango zaigu diru laguntza hau».
2009-05-23 | 16:49:00
Joseba Unanue Munduko Dardo Txapelketa jokatzen ari da Chicagon (AEB)
Dardo-jokalari oriotarraren helburu nagusia parte hartzen duen proba guztietan lehen 32 postuetan sailkatzea da
Ostegunean eman zioten hasiera Chicagon (Ameriketako Estatu Batuak) Munduko Dardo Txapelketari eta aurtengoan Joseba Unanue dardo-jokalari oriotarra bertan parte hartzen ari da , Miguel Angel Villimar basauriarra lagun duela. Hasieran txapelketa apirilean jokatzekoak ziren Las Vegasen (Ameriketako Estatu Batuak), baina antolatzaileek azken uneko arazo bat izan zuten eta lehia Chicagon jokatzea erabaki zuten.
2009-05-13 | 18:25:05
Ikastolari 1.070.000 euroko diru laguntza nola eman zehatu du Udalbatzak
Kanpineko taberna eta saltokia kudeatzeko lehiaketa deitu du 3. aldiz Udalak, baina horien urteko alokairua jaitsi du
Atzo ez-ohiko batzarra egin zuen Udalbatzak eta besteak beste bi gai nagusi eztabaidatu eta bozkatu zituen bertan. Alde batetik Orioko Herri Ikastola Kooperatiba Elkarteari eraikin berria egiteko diru laguntza emateko Udalak jarraituko duen prozedura. Bestetik, Udal kanpineko taberna eta saltokia kudeatzeko hirugarren lehiaketa abiatzea.
2009-04-22 | 16:36:33
Oriako Nazioarteko Estropada jokatuko da larunbatean
Estropaden inguruan egun osoko Orion Jai festa antolatu du Orioko Udalak, herritarren artean festa giroa jartzeko asmoz
Gaur goizean aurkeztu dute Orioko Udaleko areto nagusian Orion Jai festa. Izan ere, larunbatean Oria ibaian jokatuko diren aulki mugikorreko nazioarteko estropadak aitzakiatzat hartuta egun guztiko jaia antolatu du Udalak. Hori dela eta, estropadez gain, berdel eta ardo dastaketaz, haurrei zuzendutako puzgarriez eta tailerrez eta Julio Aranbururen sokasalto saioaz gozatzeko aukera izango dute Orion biltzen direnek. Orioko alkate Jon Redondok aurkezpenean azaldu duenez, «iaz nazioarteko estropaden inguruan antolatu genuen festak arrakasta izan zuen eta aurten ere herritarrek ongi pasatzea nahi dugu».
Behe Bidasoako Hitzaren aurkezpen bideoa
Behe Bidasoako Hitza
Batzarra
Barduliarren antzerki tailerra
ZARAUTZ, Sanz Enea Kultur Etxea - 2009-07-03
Musika
Mantisa taldearen kontzertua
ZARAUTZ, Itsas pasealekuko Marea Gora tabernan - 2009-07-03
Esaldia
Eskaladak dena eman dit. Eskalatzen hasi ez banintz bestelakoa nintzateke Gorka Karapeto (Berria, 2009-01-09)
Izoztutako tximista ikusgarriak
Igande arratsaldean dardarka jarri zen eskualdea. Euri zaparradez gain, txingor jario gogorra izan zen, trumoiak borborka, eta noski, tximistak etengabe. Normalean, begirik azkarrenek ere lanak izaten dituzte tximistak garbi ikusteko. Lorentxo Portularrumek lortu du tximistak izoztea. Modu ikusgarrian, gainera. Lorentxo Portularrume
Urola-kosta
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Bilgune Feministak abortatzeko eskubidea norberak izatea aldarrikatu du, "abortuak libre eta doan" izan behar duela esan dute. Zer iritzi duzu zuk honi buruz?
Jasotako azken mezua:
maitane | 2009-05-12
Gaur egungo legearen arabera ezin da abortatu supuesto oso zehatzetan izan ezik eta hortik kanpora p...(+)
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.